Ahotsak

Hainbat hizlari 'Matrallako Irratia' (Eibar)

Hainbat hizlari

Eibarko Matraillako Irratiko zenbait programaren grabazioa. Eibarko zenbait gazte agertzen dira berbetan: Dani Astarloa, Silbia Hernandez eta Leire Narbaiza.

Nieves Acha Garmendia (1926-03-18 / 2016-01-01)

Nieves

1926ko martxoaren 18an jaio zen Bidebarrieta kalean. Habana itsasontzian joan zen bere anaiarekin, 1 zenbakiko txartel arrosa paparrean zuela. Gero, Sontay barkuan, Leningradora iritsi ziren, handik Odessara eta Jerson umeen etxera. 1942. urtean Tblisira joan zen. Bera lanean zegoen fabrikan ezagutu zuen gizona. Hiru seme-alaba izan zituen; Eibarrera, lehenengo aldiz 1966. urtean iritsi zen. Gerora Durangora joan zen bizi izatera.

Mari Carmen Agirre Berezibar (1924-06-07)

Mari CarmenGurasoak Elorrio ingurukoak zituen, baina gazterik etorri ziren Eibarrera eta bertan jaio ziren Mari Carmen eta bere anai-arrebak. Untzagan jaio zen eta bertan bizi izan da beti, Txoko taberna gaineko etxeetan. Untzaga ingurua eta bertan gertatutakoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Aitak, Eugenio "Elorrixok", ile-apaindegia zuen Untzagan bertan. 13 urte eskas zituela harrapatu zuen gerrak eta lanean hasi behar izan zuen: umezain, BH lantegian, dendari... Elkarrizketa egiteko orduan Julita Arregi Etxeberria izan zuen lagun Mari Carmenek (eskuinekoa).

Bitorio Agirregomezkorta Agirregomezkorta (1921-01-01)

BitorioArizmendi baserrian jaio zen eta bertan bizi izan da beti. 2003. urtean, 82 urte zituela, elkarrizketa egin zitzaion Eibarko mendi-toponimia jasotzeko. Une horretan bera zen Arrate auzoko lekukorik nagusienetakoa. Elkarrizketan bere alaba (Nerea Agirregomezkorta) eta iloba (Izaskun Alberdi) ere agertzen dira.

Petra Aguirregomezcorta (1926-01-01)

Petra

Otaola-Kiñarraga bailarako Egiguren ("Eguren") baserrian jaiotakoa 1926an. Ezkondu ondoren Eizkoaga baserrira joan zen bizi izatera. Landare eta sendabelarren inguruko kontu asko ezagutzen ditu.

Txomin Alberdi Arrizabalaga (1913-01-01)

TxominEibarko Gorostabeña baserrian jaio zen (Gorosta auzoa). Baserrian jaio eta bizi guztian baserriko lanetan aritua. Gerran miliziano izan zen, eta preso egin zutenez, "Batallón de trabajadoresen" ibili zen zenbait urtez. Elkarrizketan bere emaztea eta alaba ere agertzen dira.

María Isabel Albizu Lluvia (1966-08-18)

María Isabel

1966an jaiotakoa, elkarrizketa egin zitzaionean Historia irakaslea zen Aldatzeko Ikastetxean.

Angel Albizuri Ormaetxea (1921-07-12 / 2015-01-14)

Angel

Abadeekin ikasitakoa; monagilo ere izan zen. 14 urterekin aprendiz moduan sartu zen Orbeaneko fabrikan, mekaniko eta ajustadore lanak egiten. Aita, Orbeako enkargatua zen, pistola kontuan. Gerra garaian, Orbea lantegiak Eibarren jarraitu zuen eta Francoren tropak sartu zirenean obusak egiten hasi ziren bertan. Angelek betidanik izan du mendirako zaletasun handia eta oso ondo ezagutzen ditu inguruko txori eta perretxikoak. Eibarko Hiztegi Etnografikoa burutzeko ere lekuko garrantzitsua izan zen.

Rosario Alcerreca Azconaga (1911-09-27 / 2006-02-12)

Rosario

1911. urtean jaiotakoa, Muzategi kalean. Alhondigara joan zen lehenengo ikasketak egitera eta Dña Paca izan zuen irakasle.

Ana Mari Aldazabal Guridi (1924-03-18)

Ana Mari

Eibarren jaio zen, Ibarkurutzean. Hantxe bizi izan da 40 urtez eta beste 40 urtez Bidebarrieta kalean. Gurasoak eibartarrak ziren eta zazpi anai-arreba izan zituen. Ibarkurutzeko eskolan ikasi zuen (Alondegi zaharrean) eta gerora Jardinetako eskolak inauguratu zituen Errepublikako sasoian. Oso ondo gogoratzen ditu Ibarkurutzeko eta Bidebarrieta inguruko kontuak, baita Matxariko zelaiak eta erreka ere.

Roberto Altuna Iriondo (1930-11-30)

Roberto

1930eko azaroaren 30ean jaio zen Isasi kalean. Gerra garaian Eibartik atzerrira joandako "gerrako umeen" artean egon zen. Frantzian egon zen familia batekin gerrak iraun zuen bitartean. Beti izan du hartu emana hangoekin. Itzuli zenean Armeria Eskolan ikasi zuen, aurrenik, Victor Sarasquetan eta GACan egin zuen lan. Gero, Alfan, erretiroa hartu arte.

Gaspar Alvarez Lucio (1918-02-01 / 2012-05-25)

Gaspar

Aita Gallartatik etorri zen Eibarrera lanera. Umetatik Eibarko giroa zuzenean ezagutu zuen eta ekonomia eta politika arloan garai gogorrak etorri zirenean berak parte hartze zuzena izan zuen. 14 urterekin, Secretario de los Pioneros Rojos izendatu zuten eta geroago Juventud Roja-ko kide ere izan zen. 1934ko urriko iraultza eta 1936ko Gerra Zibileko urte latzak ere gertutik bizi izan zituen.

Asun Anguera Illarramendi (1928-12-03 / 2011-05-08)

Asun

Gerra Zibilaren aurreko urteetan hain ezaguna eta berezia zen Arraindegi kalean jaiotako emakumea. Gerra sasoian umea bazen ere, ondo gogoratzen zituen orduko hainbat pasarte. Antzinako Eibar ondo ezagutzen zuen, berez entzun eta ikusitakoaz gainera, etxean gurasoengandik ere hainbat konturen berri izan zuelako. Aita bezala, musikarako zaletasun handikoa eta ahots ederrekoa, kantuzale handia. Eibarko udalak kaleratutako Eibarko kanten liburuxkan, laguntzaile ezinbestekoa gertatu zen. Azken urteetan "Voces y cuerdas" taldeko abeslari ere izan zen.

Agustin Arana Barinaga (1913-08-28 / 2013-05-09)

Agustin

Eibartar "peto-petoa", gerra aurrean herria nolakoa zen ondo gogoratzen du. Gerra garaian frontean borrokatu zuen eta gerora preso egon zen luzaroan. Hiztun ona, kontu interesgarri asko aipatzen ditu. Elkarrizketak "Zatixa" elkartean egin zaizkio, Bartolo Arriola lagun duelarik.

Edurne Aranberri Agirrebeña (1921-04-20)

Edurne

Eibarren jaio zen, "Sanjuantxoneko" etxean, Barrenkalean. Aita, Gumer Aranberri, armagin familiako zen, baina tindategia ipini zuen. Ama, berriz, baserri ingurukoa (ama Elgetako Sanjuan baserrikoa eta aita Arratebaileko Sanjuangua baserrikoa). Edurneren familiak estankoa izan zuen parrokia parean, Mallea jauregia izandako eraikinean. Gerran herritik alde egin behar izan zuten eta 18 urte zituenetik Edurne Zarautzen bizi izan da. Hala ere, ez ditu batere galdu Eibarko euskara eta herriko oroitzapenak.

Luis Alberto Aranberri Mendizabal (1945-09-17)

Luis AlbertoLuis Alberto Aranberri "Amatiño" Eibarko Bidebarrieta kalean jaio zen 1945. urtean. Eibarko eskola nazionalean hasi zituen ikasketak eta Isasi kaleko Corazonisten ikastetxean jarraitu. Geroago, hiru urtez, Bilbon eta Oronozen jarraitu zituen ikasketak. 18 urterekin Eibarrera itzuli eta bere aitaren lantegian hasi zen lanean; bertan aritu zen 13 urte inguruan. Tarte horretan, baina, bere benetako zaletasuna ondo errotuta zuen eta lantegiko lanarekin batera kazetaritzan hasi zen, Zeruko Argia aldizkarian. Horrekin batera, Eibarko kulturaleko kide egin zen eta 60. hamarkadako Eibarko mugimendu euskaltzalean zeresan zuzena izan zuen.

Maritxu Aranberri Villabella (1912-01-01 / 2010-09-08)

Maritxu

Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkonduta, gerran alde egin behar izan zuten eta 1940. urte inguruan Buenos Airesera heldu ziren. Hantxe bizi izan zen harrezkero, 70 urtez, 4 seme-alaba, 13 iloba eta beste hainbat birbilobarekin batera. Baina sekula ez zituen ahaztu ez Eibar, ez bere familia eibartarra, ezta Eibarko euskara ere.

Luis Aranzeta Korta (1923-11-21)

Luis

Luis Aranzeta Eibarren jaio zen 1923. urtean, Arragueta kalean. Etxe berean denda izan zuen bere izebak eta tailerra bere aitxitxak. Aitxitxak (elgetarra jaiotzez) ferreteriako lanabesak egiteko lantegia jarri zuen lehenbizi eta ondoren autoentzako enbrage-fabrika. Hantxe egin izan zuen lan Luisek bere bizi guztian zehar. Eskola publikoan ikasi ondoren, Armeria eskolan ere ikasi zuen, Luis Ormaetxea irakasle izan zuela. Arantza Arriolarekin (Eibar, 1926) ezkondu zen (berori ere Ahotsak proiekturako elkarrizketatua) eta Eibarren bizi izan da beti.

Felisa Areta (1923-11-21)

Felisa“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Maria Dolores Areta Lazpiur (1923-11-21)

Maria DoloresEibarko Arrate auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.

Carmen Areta Lezeta (1923-11-21)

CarmenEibarko Arrate auzoan jaio zen eta “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Vicente Areta Lezeta (1938-04-24)

Vicente

Arrate bailarako Mendigoiti baserrian jaiotakoa 1938an. Baserriko lan eta bizimoduarekin lotura duten gaiak asko interesatzen zaizkio eta oso hiztun egokia da baserriko gaietaz azalpenak emateko. “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko ere izan zen.

Armando Arizmendiarrieta (1928-10-31)

Armando

Eibarren jaio zen 1928ko urriaren 31n. Frantziara eraman zuten trenez bere arrebarekin eta gero familia batek hartu zuen Dijonen. Hiru urte igaro zituen Frantzian. Ez zuten Eibarrera bueltatzerik izan Narciso aita Eibartik desterratuta zegoelako.

Juan Arizmendiarrieta Larrañaga (1929-01-01 / 2014-01-01)

Juan

Bizkaiko mugan dagoen Aginaga auzoko Abuaga baserrikoa.

Julita Arregi Etxeberria (1924-02-07)

JulitaArragueta kalean jaio zen eta hantxe bizi izan zen ezkondu arte. Gurasoak elgoibartarrak zituen, baserritarrak. Sei anai-arreba ziren. Amak abarketak josten zituen etxean, Azkoitirako. Gerran Bilbora joan ziren eta ondoren Santanderrera eta Lleidara. Etxera itzuli eta berehala hasi zen lanean, 16 urte ingururekin, "Beisteginean" (BH bizikleta fabrika), sopletearekin lanean. Elkarrizketa egiteko orduan, Mari Carmen Agirre Berezibar izan zuen lagun Julitak (ezkerrekoa).

Tomasa Arrieta (1924-02-07)

TomasaEibarko Amezabalegiabeletxe baserrian jaioa, bertan bizi izan da beti. Artzain ibilitakoa, Urko inguruko lurrak eta baserri lanak zoragarri ezagutzen ditu. Jubilatu ondoren kalera jaitsi zen, 70 urte bete ondoren.

Juana Arrieta Leceta (1923-12-27 / 2006-10-25)

Juana

Juanitaren aita 1923an sartu zen Eibarko arma probalekuan lanera. Eskopeten kainoiak aztertzen zituen desajustea zegoen ala ez baieztatzeko. Juanita ere gaztetxoa zela bertako ofizinan hasi zen lanean. Herria oso ongi ezagutzen zuen eta oso azalpen interesgarriak eman zizkigun antzinako bizimoduari buruz.

Dominga Arrillaga Arrillaga (1931-01-13)

Dominga

Elgoibarren jaio zen Goikoetxe baserrian. 13 urte zituenean Idotorbe (San Pedro) auzoko Armasio baserrira joan zen neskame, Elgoibarrera bertara. Gero 19 urterekin Eibarko Mandiolaazpikoa baserrira joan zen neskame eta bertako seme batekin ezkondu zen, 21 urte zituenean. Bertan bizi izan da harrezkero. Batez ere Eibarko kontuak aipatzen ditu, baina Elgoibarko hizkera gorde du.

Bartolo Arriola Garate (1912-11-27 / 2012-11-23)

Bartolo

Mendaron jaio arren, zazpi urte besterik ez zituela etorri zen Eibarrera bere familia guztiarekin batera. Eibarko euskara darabil. Gerra aurreko kontuak oso ondo gogoratzen ditu: Eibarko kaleak, presak, errotak, eskolak, jolasak, kirolak eta abar. Buru argia du eta hizlari bikaina da; Eibarko historia eta hizkera jasotzeko hainbat proiektutan hartu du parte: "Eibarrera jatorraren bidetik", "Eibartarren Ahotan" eta abar. 1962. urtean "Zatixa" elkarte gastronomikoa sortu zuten. Elkarrizketarik gehienak elkartean bertan egin izan zaizkio. Elkarrizketa gehienetan Agustin Arana dauka lagun.

Amaya Arriola Ormaechea (1933-04-14)

Amaya

Alfan lan egindakoa. Josteko makinak egiteaz gainera, bordatzen ikasteko eskola bat ere bazuen Alfa lantegiak. Amaia izan zen bertako irakasleetako bat. Sasoi batean inguruko herrietan ere jardun zuen josten irakasten.

Arantza Arriola Tolosa (1926-04-23)

Arantza

Eibarren jaio zen, Plaza Berrian. Ama oso gazterik hil zitzaion (Arantzak 6 urte zituela) eta izeko eta lehengusuekin hazi eta bizi izan zen. Untzagako eskolan ikasi zuen, baina ez oso luze, 10 urte zituela gerra zibila hasi baitzen. Santander aldean igaro zuten gerraren zatirik handiena, batez ere Ramales de la Victoria izeneko herrian. Bitartean, aita Bilbon egon zen, arma-lantegietan lanean. Arantzaren aita oso ezaguna izan zen Eibarren gerra aurretik, Satur Arriola "Txirloia". Pilotaria, futbolaria eta aurreskulari aparta. Luis Aranzetarekin ezkondu zen eta Eibarren bizi izan dira beti.

Pedro Arrizabalaga Iriondo (1906-07-06 / 2007-05-25)

Pedro

Estazio Kalean jaioa. Izen handiko eskopetagina. Artamendi eta Zulaika-rekin ikasi zuen marrazten. 14 urterekin hasi zen lanbidea ikasten, Albisteginean. Ugartetxearen tailerrean ere lan egin zuen baina denbora gutxira bere izena daraman eskopeta tailerra ipini zuen: Pedro Arrizabalaga. Gaztetan, dantza eta kantuan egitea asko gustatzen zitzaion, baita gitarra jotzea ere. Oraindik trikitia oso gustoko du. Gerra garaian familia osoak Axpe-Arrazolako baserri batera alde egin zuen, eibartik ihes eginda. Ehiztari amorratua izandakoa.

Agustina Askasibar Lauzirika (1929-08-28)

Agustina

Agustina Askasibar Lauzirika Eibarren jaio zen, 1929ko abuztuaren 28an. Isasi kaleko 10. zenbakian jaio eta bizi izan zen 2000. urtera bitartean. Bertan izan zuten "ultramarinos" denda. "Maria Txaltxaneko" izenez ezagutzen zuten denda. Ahizpa Apoloniarekin egin zuen lan bertan jubilatu artean.

Jesusa Astigarraga Carral (1929-08-28)

Jesusa

Arraindikalen jaio zen eta 5 urte zituela eraman zuten Belgikara bere anaia txikiarekin batera. Han bizi izan zen harik eta bere familiak umea itzultzeko eskatu eta Eibarrera bueltatu zen arte.

Felisa Atxa-orbea Uriarte (1929-08-28)

FelisaEibarko Arrate auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Francisca Atxalbizuri (1929-08-28)

FranciscaGorosta-azpi baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Paulina Ugarteburu, Juanita Gurrutxaga eta Seguna San Martinekin batera.

Benjamin Azpilikueta Antunez (1926-04-11)

Benjamin

Orbaizetan (Nafarroa) jaioa 1926an, arma ola zaharrarren aurrean. Gurasoak Lizarraldekoak zituen: aita, Marcelino, Lezaungoa, eta ama, Emilia, Abartzutzakoa. Sei seme-alaba izan zituzten. Aita "monteroa" zen eta Orbaizeta inguruko basoak kudeatzen zituen. Bera gaztetatik hasi zen beharrean; hasieran, laguntzaile moduan, baina laster konturatu zen mekaniko lanbidea gustatu egiten zitzaiola, eta hango basoak ustiatzen zituen enpresaren makinak eta kamioiak konpontzen hasi zen.  25 urte zituela, 1951n, Eibarrera etorri zen, eta bertan bizi izan da harrezkero. Bere lehenengo lana Marpen izan zen, eta gero Irazola lantegian, dornuan. 30 urte inguru zituela, Alfan hasi zen lanean, eta han jardun zuen erretiroa hartu arte. Hasiera batean dornuan, baina handik "Transfer" makinara pasatu zen. 1956an Alicia Albizu eibartarrarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen. Pelotazale amorratua izan da beti; eskuz eta palaz urte askoan jokatu izan du. Mendian ibiltzea ere beti gustatu izan zaio. Eibarko Sostoa Abesbatzan hamalau urte egin eta gero, San Andres parrokiko koruan kantatzera pasa zen. Jubilatu zenetik egurra lantzen ibili da, eta hainbat erloju eta armarri egin ditu Eibarko Artisten Elkartean. Esan daiteke euskara amarengandik jaso zuela, zaletasuna behintzat. Gurasoak erdaldunak ziren, baina ama neskame egon zen Iruñeko familia batekin. Haiek urtero Donostiara joaten ziren uda pasatzera, eta Benjaminen amak han berba asko ikasi zituen. Gero berak Eibarren ikasi zuen euskaraz; Klub Deportiboan ere ibili zen ikasten. Eibarreraz egiten du, baina hango berbak ere sartzen ditu.

Mari Asun Azpiri Mandiola (1946-05-28)

Mari AsunEibarko Aginaga auzoko Larrañeta baserrian jaio zen 1946an. Arrate bailarako Mendigoitxi baserriko Bizente Aretarekin ezkondu zen eta bertara joan zen bizitzera. Landare-izen ugari dakizki eta horiek jasotzeko egin zitzaion elkarrizketa.

Emilio Azurmendi Agirre (1936-09-06 / 2013-03-13)

Emilio

Gorosta bailarako Sagarbitza (Sagarbieta) baserrian eman zuen bizi osoa. Etnografia gaiak oso gustuko izan zituen eta interes handia izan zuen baserrietako antzinako bizimoduarekin zerikusia duten tresnak, lexikoa, eta abarrak zaindu eta gordetzeko. Eibarko baserritarren alkate ere izan zen hainbat urtetan eta oso ondo ezagutzen zituen, bai Eibarko mendi-basoak, bai Eibarko baserritarren gorabeherak. Eibarko euskara, toponimia eta etnografia jasotzeko hainbat proiektutarako lekukotasuna eman zuen.

Dora Barrenetxea (1936-09-06 / 2013-03-13)

Dora

Berriz 1936 gogoratzen elkartekoek egindako grabazioan parte hartu zuenekoa da grabazio hau.

Felix Barrutia Iriondo (1934-01-30)

FelixEibarren jaio zen, Arragueta kalean; gerra ondoren Jardineta kalera joan zen familia osoa. Zortzi urte inguru zituela Ardantza kalera joan ziren bizitzera eta inguru hori ondo gogoratzen du. Gurasoak eta emaztea ere eibartarrak ditu. Armeria eskolan ikasi ostean, Alfan hasi zen lanean eta bertan jubilatu zen (urtebetez Lambrettan ere jardun zuen). Mendizale amorratua, aitarekin hasi zen mendian ibiltzen 6-7 urte besterik ez zituela. Harrezkero horixe izan da bere zaletasun handiena. Futbolean ere ibili zen Txantxazelaiko txapelketetan, eta gerora Urko eta Arrate taldeetan.

Serafin Basauri Arteaga (1935-04-29)

Serafin

Gurasoak bizkaitarrak zituen, Atxondo ingurukoak, baina Eibarrera ezkondutakoak. Serafin eta anai-arrebak Eibarren jaio ziren eta bertan bizi izan da beti. Frontoizarreko eskola nazionaletan ikasten hasi ondoren, fraideetan eta Armeria Eskolan jarraitu zuen. 17 urterekin GAC lantegian hasi zen lanean eta, geroago, hainbat urtez Alfan. Frankismo garaian erabat murgildu zen Eibarren izan zen mugimendu klandestinoan eta euskalgintzan. 1955-1970 bitartean, Imanol Laspiur eta Juan San Martin lagun zituela, Eibarren euskararen eta euskal kulturaren inguruan izandako eragile nagusietakoa izan zen: Klub Deportiboko euskarako klaseak, ikastolak, Ekin eta abar. Baita gerora ere, HBn, Aralarren eta Elkarrin. Franco osteko lehenengo legegintzaldian zinegotzi izan zen Eibarko Udalean. 1990. urteaz geroztik Eibarko euskara jaso eta aztertzeko saioetan ere lan handia egin du, batzuetan zuzenean lanean eta beste batzuetan lekuko bezala. Euskaltzain urgazle da.

Ladislao Basauri Arzuaga (1917-09-03 / 2009-04-13)

Ladislao

Bittor Sarasketa kalean jaiotakoa; aitak harategia izan zuen bertan. La Salle ikastetxean egin zituen ikasketak eta gazte-gaztetatik abertzaletasuna barru-barrutik bizi izan zuen. Ongi ezagutzen du gerra aurreko eta ondorengo giro politikoa; zer esanik ez abertzaletasunak herrian izan duen garapena.

Aurora Bascaran Martínez (1933-08-11)

Aurora

1933an jaio zen Eibarren. Aita, Benigno Baskaran eibartar sozialista ezaguna. Ume txikia zenean Gerra Zibila hasi eta Frantziara joan zen familiakoekin batera. Bertan, beste errefuxiatu batzuekin batera egon ziren. Gerra amaitu zenean Eibarrera itzuli eta orduan ezagutu zuen sakonago aitona, Marcelino Baskaran (Eibarko lehenengo abade laikoa). Aurora, 80. hamarkadan politikan parte-hartze zuzena izan zuen eta herriko alkate eta Espainiako Gorteetan senatari izatera iritsi zen.

Victoria Baskaran (1933-08-11)

Victoria"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Julia Valenciaga eta Candida Egurenekin batera.

Benigno Baskaran Guridi (1908-04-03 / 1984-10-22)

Benigno

Marcelino Baskaran sozialista eibartar ezagunaren semea. Umetan eta gaztaroan, irakurtzeko zaletasun handia. Baskarandarren etxean, "El Socialista" egunkaria irakurtzen zen egunero eta astero, "La lucha de clases". Politika liburuak ere sarri irakurtzen zituen Benignok. 13-14 urterekin Armeria Eskolara joan zen ikasketak burutzera. Tornero, ajustadore lanetan aritu zen eta ondoren aitaren tailerrean hasi zen lanean. Eibarko eta inguruko politika giroa zuzen-zuzenean bizi izan zuen eta berarengan politikarako zaletasun hori ere laister suspertu zen. Aita sozialista ezaguna izan zuen eta gainera lehenengo "abade laikoa" izan zen Eibarren. Aita hiltzean, Benignok hartu zituen ardura horiek bere gain.

Marina Basterra Iturbe (1916-04-11 / 2003-01-07)

Marina

Errebal kalean jaiotakoa, Basterraneko etxean. Aita, Mateo Basterra; aitona, notario izandakoa. Gerra aurreko bizimodua nolakoa zen oso ongi gogoratzen zuen.

Iraitz Beitia Ugarteburu (1987-01-01)

Iraitz

Mandiola auzoko Mandiolaazpikoa baserrikoa. Bi anaietan gazteena. Aurretik udara batzuetan lanean aritu bazen ere, 20 urterekin hasi zen lanean lantegi batean, mantentze-lanetan. Krisiaren ondorioz lantegia itxi ostean Elgoibarko Danobat lantegian hasi zen lanean, makinen muntaian.  Eibar Rugby Taldeko jokalaria izan zen zenbait urtez, baina lesio baten ondorioz utzi beharra izan zuen. Hala ere, Taldeari lotuta jarraitu zuen, zuzendaritzan, delegatu moduan edo nesken taldeari laguntzen. Herri kiroletan ere aritu izan da, txingak eramaten. Motorzalea eta rallyzalea da. Auzoko Santa Kurutz jaiak antolatzeko batzordeko kide ere bada.

Jose Bergara Baskaran (1928-02-26)

Jose

Jose Bergara Baskaran "Agarrazpi" Gorosta bailarako Agarre Azpikoa baserrian jaio eta bizi da. Gerra garaian, baserritik ihes egin behar izan zuten. Arotza ofizioz eta afizioz, gazte-gaztetatik ekin zion egurra lantzeari. Baserriko lan guztiak zehatz-mehatz ezagutzen ditu eta haiek berri ematerako orduan abilezia izugarria erakusten du.

Enrike Bernedo Elkoro-Iribe (1926-04-07 / 2012-01-18)

Enrike

Enrike Bernedo Elkoroiribe Eibarren jaio zen, 1926ko apirilaren 7an. Sansaburu, Errekatxu eta Txantxa-zelai inguruak oso ondo ezagutzen zituen bertan bizi izan zelako haurtzaroa. Antzinako Eibar eta iragandako garaiak bizi-bizi izan ditu beti gogoan. Kontalari on eta trebea.

Genoveva Billar Eleizpuru (1907-10-31)

GenovevaSan Joan errekako Izalde baserrian jaio zen 1907an, Bergaran. Bost bat urterekin, Elgetako Egoetxeaga baserrira joan zen bizitzera. Eibarrera ezkondu zen eta bertan eman ditu azken 78 urteak. Harategian egin zuen lan 40 urtez. Hala ere, Elgeta ez du ahaztu.

Arnaldo Bolumburu Inza (1933-05-09 / 2005-01-13)

Arnaldo

Eibarko Urkizu kalean jaiotakoa, 1933an. Aita, oso gubilista ona zen. Gerra hasi zenean, Frantziara joan ziren. 1940an Eibarrera bueltatu zenean, gosea, estraperloa, errazionamendua, e.a. ezagutu zituen. 1946-49 bitartean, Armeria Eskolan ikasi zuen eta ondoren Udaletxean hasi zen lanean, 1952rarte. Eibarko berreraiketa zuzen-zuzenean ezagutu zuen. Urte horretan Amuategiren lantegian hasi zen lanean eta 1957an GAC-an ekin zion, 1985.urterarte. Luis Bolunburu atletaren senide.

Hermenegildo Bracóns Huguet (1923-05-21)

Hermenegildo

Figura clave para entender el desarrollo urbanístico de Eibar, nació en Barcelona el 21 de mayo de 1923. Cursó estudios universitarios en la escuela superior de Arquitectura de Barcelona obteniendo el título de Arquitecto en septiembre de 1950. El 5 de octubre de 1957 toma posesión de la plaza de Arquitecto Municipal de Eibar mediante concurso de méritos, plaza que ocupó durante 10 años. Es el autor del Plan General de Ordenación de Eibar de 1959, así como del desarrollo del mismo en planes parciales y proyectos de Reparcelación, labor que posteriormente le sirvió de base para la obtención del doctorado en el año 1968. Actualmente reside en Vitoria.

Feliciano Castrillo Ortuoste (1936-05-07)

Feliciano

Aitona, Román Ortuoste, XX. mende hasierako argazkilari ezaguna. Bai ama eta baita aita ere argazkilariak. Familiako belaunaldi desberdinek harreman zuzena izan zuten argazkilaritzarekin eta ohiturari eutsiz, Feliciano bera ere argazkilaritza munduan sartu eta urteetan lanbide horretan jarraitu izan du.

Jose Mari Cruceta Alberdi (1930-01-07 / 2002-10-15)

Jose Mari

Eibarko Estazio kalean jaiotakoa, Kruzetaneko etxean. Oraindik ume txikia zela Errepublikaren aldarrikapenaren inguruko ospakizunak bete-betean bizi izan zituen (garaiko argazki ezagun batean agertzen da). Familia kontuak asko interesatzen zitzaizkion eta ondorioz oso ondo ezagutzen zituen: jatorria, Kruzetaneko etxearen sorrera, Kafearen hastapenak, aita Perikok martxan jarri zuen Kruzetaneko zinea, e.a. Gerra Zibila umea zela bizitzea tokatu zitzaion; Eibarren lehenengo, Toledon geroxeago. Gerra osteko Eibar haustuta ikusi zuen Toledotik bueltan, eta berreraikitzeko lanak gertutik jarraitu zituen. Ikasle bikaina, Eskola Armeria amaitu eta eibartarren izaera ekintzaileari eutsiz, enpresa munduan lan izugarria egin zuen. Eibartar peto-petoa, "Eibar" aldizkariaren arduradun nagusi izan zen urte askotan. Eibarren zendu zen 2002ko urrian.

Ofelia De los Toyos (1925-04-23 / 2002-09-25)

Ofelia

Hija de Juan de los Toyos. Debido a los avatares históricos que le tocó vivir por la trayectoria vital y política de su padre, Ofelia nació en Eibar pero durante toda su vida ha vivido en Bayona, Paris y por último en Méxiko, en el exilio. Juan de los Toyos fue secretario permanente del Sindicato Metalúrgico de Vizcaya, de la Unión General de los Trabajadores en 1917 y miembro de su Comisión Ejecutiva Nacional (1920-1922) junto con Pablo Iglesias, Largo Caballero y Julián Besteiro. Años más tarde, en 1930, lo fue de la de Gipuzkoa. Fue concejal de Eibar y gerente de la cooperativa de producción socialista más importante de España, ALFA. Tuvo un papel muy destacado en la Revolución del 34, por lo que tuvo que exiliarse a Francia hasta el nuevo triunfo del frente Popular en 1936. El 7 de octubre de 1936 fue nombrado consejero de Trabajo, Previsión y Comunicaciones del primer Gobierno Vasco, cargo en el que gestionó los jornales, sueldos y subsidios de los obreros y reorganizó los jurados mixtos.

Juan De los Toyos Garay (1923-02-04)

Juan

1923ko otsailaren 4an jaio zen Bilbon eta Eibarrera 1931. urtean iritsi zen familiarekin. Gerra hasi zenean, Santanderren, Morton ikatz-itsasontzian sartu eta Frantziara alde egin zuen Jose Luis eta Felipe bere anaiekin batera. Burdeosetik kilometro batzuetara zegoen kolonia batera eraman zituzten. Familia osoa elkartu eta Baionatik gertu, kuakeroek hartu zituzten; han beste sei bat hilabeteko egonaldia egin zuten. Gero, Eibarrera itzuli ziren.

Benedicto Domínguez Olabarria (1921-04-28 / 2012-12-31)

Benedicto

Durangon jaioa 1921an. Aita okina zen ogibidez; UGTko Alimentazio Saileko presidentea. Gerra garaian, Durangoko Junta de Defensako "Abastos" ataleko arduraduna. 16 urte zituela, aitari laguntzen ibili zen Benedicto, mekanografo lanak egiten. 1937an, Durangoko bonbardaketaren ostean, Bilbora egin zuten ihes; hortik Santanderrera eta Bordelera. 1940an itzuli zen Durangora (19 urterekin). 1941-1945 bitartean 2 urte inguru "Batallón de Trabajadores"en egon zen. 1952an SILCA sortu zuen, Juan Saban, Fernando Zuloaga eta De la Sotaren laguntzaz. Congregación de jóvenes de Nuestra Señora de Arrate taldearen sortzaileetako bat (gerora, Kultural Arrate izango zena).

Juan Echaniz Urruzuno (1912-01-28 / 2003-11-05)

Juan

Elgoibartarra, ume-umetatik bibolina gustoko zuen eta aitak bat erosi zion. Musika Bandan joten zuen. Lehenengo, Ángel Garate "Beltxi"-rekin ikasi zuen bibolina joten; gero, Salón Teatroan zegoen orkesta batekin ere ikasi zuen. Elgoibartik, astean 3 bider etortzen zen Eibarrera, bibolin klaseak hartzera. "Fomento"an hasi zen bibolinista moduan; ondoren, Rialtoan, jai egunetan. Casino Artistan ere jo izan zuen eta udan Debara joaten zen sarritan. 1931-36 bitartean, Rialtuan jotzen zuen neguko hilabeteetan. Musikaz gain, Elgoibarko futbol taldean ere jolastu zuen. Gerra Zibilak, dena hankaz gora jarri zuen. Santoñan entregatu zen; handik Gasteizera eraman zuten, eta gero Burgosera. Irunen, Kaputxinoen konbentoan egon zen interno ejerzitoarekin, Real Unión futbol taldean sartzeko. Hainbat tokitan bibolina joten jardun ondoren, partikular moduan ere ekin zion, ezkontzatan e.a. beste musikari batzuekin batera.

Fernando Echebarría Unamuno (1927-05-18)

Fernando

Fernando Etxeberria, "Urredunanekua". Aitonak (Mateo Etxebarriak) sortu zuen urre-fabrika; gero aitak, osabak, Fernandok berak, eta senitarteko mordoak jardun izan dute bertan lanean. Horixe zen damaskinaturako urre-haria egiten zuen lantegi bakarra, eta bertan erosten zuten grabadore-damaskinadore guztiek. Lantegia 1900 inguruan sortu zuten eta 1980 inguruan itxi zen, damaskinatuaren beherakada nabarmenak atzera-bueltarik ez zuenean.

Jose Echeverría Ayerbe (1912-02-18 / 2001-02-22)

Jose

Eibarren jaio zen 1912. urtean. Aita, Beisteginean akabatzailea zen. Josék Eskola munizipaletan egin zituen lehenengo ikasketak eta ondoren Armeria Eskola amaitu zuen. 17 urterekin "Izar"-era joan zen lan egitera, Zornotzara. Handik urte batzuetara Alfan hasi zen lanean eta 50 urte egin zituen bertan. Errepublika garaia eta 1934ko urriko iraultza bete-betean ezagutu zituen. Gerra sasoian, Amuategi Batailoian egon zen. Indalecio Prietok Armeria Eskolako gazteak eskatu zituen eta beste eibartar askorekin batera "Los Alcázares"-era (abiazio akademiara) joan zen 3 hilabeteko ikastaro bat egitera.

Julian Echeverría Oruna (1913-07-27 / 2005-03-19)

Julian

Otaola-Kiñarraga bailarako Ubitxa baserrian jaiotakoa. Aita, baserri hortakoa; ama, Jobita Oruna (Aramaiokoa). 14 urterekin Eizaganera joan zen lanera, baskulagintzan ikastera. 20 urterekin, Bittor Sarasketanera. Han, 65 urte bete arte jardun zuen lanean.

Pedro Egiguren Larrañaga (1927-03-28 / 2014-03-12)

Pedro

Pedro Eguiguren: Otaola-Kiñarraga bailarako Eizkoaga ("Izkua") baserrian jaio eta bertan bizi da. Gaztetan, aizkolari ona izan zen eta inguruan oso ezaguna egin zen. Zerrategia ireki zuen bere kontura eta baserriko lanetaz gain bertako ardura nagusia eraman zuen.

Candida Eguren (1927-03-28 / 2014-03-12)

Candida"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Julia Valenciaga eta Victoria Baskaranekin batera.

Candido Eguren Zabarte (1906-11-25 / 2002-02-10)

Candido

"Oka txiki". Aita, Benito Eguren; Angiozarren jaiotakoa, eta okina ogibidez. Ama, Modesta Zabarte; Elorrion jaiotakoa. Bergarako seminarioan merkataritza ikasketak egin zituen. Indalecio Prieto, Toribio Etxebarria eta beste hainbat intelektualen eragin handia izan zUen. Primo de Riveraren diktaduran kartzelara eraman zuten lehenengo komunista eibartarra izan zen. Errepublikaren aldarrikapenean eta ondoren 1934ko urriko iraultzan ere parte-hartze zuzena izan zuen. Gerra garaian, hainbat eginkizun izan zituen. Beste askoren antzera, Batallón de Trabajadores, kartzela eta exilioa ezagutu zituen. 2002ko otsailean zendu zen Eibarren.

Sabino Errasti Elgoibar (1906-11-25 / 2002-02-10)

Sabino

Manuel Estanislao Guillén (1961-03-19)

Manuel

Extremaduran jaio zen. 13 urte zituela, aita lanik gabe geratu zen eta familia osoa Eibarrera etorri zen bizitzera. Errekatxuko leunketa lantegi batean hasi zen lanean Manolo, baina berehala, 15 urterekin, Trust lantegira joan zen. Hasieran "pintxe" lanak egiten zituen, baina pixkanaka lantegiko prozesu guztiak ikasten joan zen, arduradun bihurtzeraino. Enrique Segalá-rekin batera egin zitzaion elkarrizketa, Trust lantegiko lan-prozesuen inguruan.

Timotea Etxaniz San Martin (1930-08-23)

Timotea

Egiguren baserrian jaioa. Ama bertakoa zuen, hamar senidetan gazteena. Aita, berriz, Elgoibarkoa. Baserritik ateratzen zuten bizimodua. Hiru ahizpa ziren Timotea eta. 13 urtera arte herri eskolan ibili zen. Astoarekin eta marmitekin joaten zen goizero, eta esnea banatzen zuen eskolara joan aurretik. Gerora ahizparekin batera denda jarri zuen Eibar herrigunean. Elgoibartar batekin ezkondu zen, etxera, eta seme bat izan zuten. 

Javier Etxeberria Eguren (1927-10-17 / 2000-06-19)

Javier

1927ko urriaren 17an jaio zen San Andres Pasialekuko 3. zenbakian. Aita, Eulogio Echeverria “Querido” eta ama Josefa Eguren. Mendizale sutsua, ume-umetatik Klub Deportiboko kide izan zen. 5 urte besterik ez zituela, 20 mendi egin zituen eta 18 urterekin 100 mendiko txapelketa egina zuen. Gerra Zibila irten zenean, gerrako umeak zeramatzan eta Santandertik abiatu zen itsasontzi batean, Belgikarako bidea hartu zuen amarekin batera. 2 urtean zehar Liejatik gertu bizi izan zen eta tropa alemandarrak II. Mundu Gerran Belgika hartu zutenean itzuli zen Eibarrera. Armeria Eskolan ikasi zuen eta Alfa lantegiko ofizina teknikoan lan egin zuen. Lan kontuak zirela eta 5 urte pasa zituen Mejikon. Armeria Eskolako ikasle ohien Elkarteko kide izan zen. Mendia eta arrantza izan ziren bere bi zaletasun handiak. Eibarren zendu zen 2000ko ekainaren 19an.

Migel Gallastegi Ariznabarreta (1918-02-25)

Migel

Migel Gallastegi Eibarko Asoliartza baserrian jaio zen, Amaña auzoan. Bere garaiko umerik gehienak bezala, txiki-txikitatik hasi zen pilotan jokatzen, baina berehala ikusi zen profesional izateko gaitasun apartak zituela. 14-15 urte zituela Isasi kaleko "Kiputxanekua" pilotalekuan hasi zen jokatzen eta entrenatzen; berehala, Astelenan ere hasi zen entrenatzen. Hemezortzi urte zituela debutatu zuen 1936. urtean, baina gerrak harrapatu zuen. Gerra amaituta eta sasoi betean, 1940. eta 1950. hamarkadetan nagusi izan zen Euskal Herri osoan. Buruz buruko hiru txapelketa irabazi zituen (1948, 1950 eta 1951) eta dozenaka partida jokatu (eta irabazi) zituen bikoteen eta hirukoteen aurka.

Irene Gandarias Narzabal (1918-02-25)

Irene“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Mari Tere Gantxegi Juaristi (1923-04-23)

Mari Tere

Eibarren jaio zen Bidebarrieta kalean. Bost urte zituela Grabadores kalera joan zen bizitzera. Victor Sarasketa lantegian egon zen lanean 31 urtez, 1941-1972 bitartean, eta gerora Patronato Eibarres errehabilitazio-zentroan (baliabide gutxi zituzten eibartarrei laguntza emateko zentrua). Jubilatuta egon arren, elkarrizketa egiteko unean oraindik ere egunero joaten zen lanera hara laguntzera. Oso gazterik ezagutu zuen Mercedes Kareaga eta bere alboan hartu zuen parte Goi Argi elkartearen sorreran (Eibarko Sociedad Femenina) 1951. urtean. Elkarrizketa garaian, Mari Tere da elkartearen presidentea.

Josu Garate Suinaga (1975-11-29)

Josu

Eibartarra. Aita Elgetakoa zuen eta ama, berriz, Eibarkoa bertakoa. Hiru anai-arrebatan gazteena. 20 urte ingururekin Kezka Dantza Taldean hasi zen eta dantza munduari lotuta jarraitzen du. Arkitektura ikasketak egin zituen eta lanbide horretan jardun zuen dantza lanbide bihurtu zuen arte. Gaur egun Dantzan.eus proiektuan eta Aiko Taldearekin dihardu lanean. Horretaz gain, dantza taldeko zenbait kideren artean sortu zuten eMePebo5t musika taldean ere aritzen da, abeslari moduan. Zenbait musika tresna ere jotzen ditu: alboka, gitarra...

Txomin Garcia (1920-01-01)

Txomin

Gaztea zela ofizioa ikasten hasi zen Eibarko gazteek egiten zuten moduan, baina gerra hasi zenean frontera joan behar izan zuen. Teruel eta Castellon inguruan ibili zen eta Castellón zegoela gaixotu egin zen. Emaztea Eibarren ezagutu zuen eta Soraluzera ezkondu ziren.

Gari-jotzea (1920-01-01)

Gorosta bailarako Sagarbitza (Sagarbieta) baserrian, bertan jaiotako Emilio Azurmendi Agirrerekin elkartu ginen, duela urte asko gure baserrietatik ezkutatu zen gari-jotzearen gaia lantzeko. Grabazioetako batean aspaldiko gari-jotzearen ezaugarriak eta bere bilakaeraren berri ematen du Emiliok. Beste grabazioan, Emiliok ondo zainduta gordetzen dituen gari-jotzeko “matxaka”, eta garia jo eta gero erabiltzen zen gari-garbitzeko makina erakusten dizkigu. Makina biak lanean ikus daitezke grabazioan, garia jotzen bata eta garbitzen bestea, garai batean baserri gehienetan erabiltzen ziren erara. Eta, irudiaren lagungarri, Emilioren zuzeneko azalpenek gari-jotzearen gorabehera guztiak argitzen dizkigute. Bertan jo zen garia Sagarbitzako soroetan hazitakoa zen.

Tomas Gerrikagoitia (1920-01-01)

Tomas“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Euxebi Gisasola Aldazabal (1922-11-05 / 2008-12-17)

Euxebi

Aginagako Zumaran baserrian jaiotakoa. Ama Arrate Mugitzaberri baserrikoa zuen. 8 urte zituela, Aginagako eskola egin zuten eta bertan egin zituen ikasketak Gerra Zibila hasi zen arte. Sasoi hartan Euxebik 14 urte zituen. Garai gogorra zen, baina Gisasolatarrak baserrian gelditu ziren. Ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen. Eibarko euskararen gaineko hainbat ikerketa eta liburutarako eman du bere lekukotasuna.

Garbiñe Gisasola Berrio-otxoa (1934-01-01 / 2010-12-08)

Garbiñe

Gerra ondorengo urte gogorrak oso ongi gogoratzen ditu. Abertzaletasuna barne-barnetik bizi duen emakumea; Eibarko lehenengo abertzaleak gertutik ezagutu zituen.

Alicia González Acha (1927-08-01)

Alicia

Alicia 1927ko abuztuaren 1ean jaio zen, Isasi kalean. Frantziara Habana itsasontzian iritsi zen bere anaia Jose Antoniorekin batera; Nimesera eraman zituzten eta hango familia bik hartu zituen. Bueltatu zirenean, Ermura joan ziren bizi izatera. González Acha anaia-arreba biek urte askoan egin zuten lan Eibarko Arma Probatokian, beraien amak bezala.

José Antonio González Acha (1931-02-16)

José Antonio

Jose Antonio 1931ko otsailaren 16an, Isasi kalean. Frantziara Habana itsasontzian iritsi zen bere arreba Aliciarekin batera; Nimesera eraman zituzten eta hango familia bik hartu zituen. Bueltatu zirenean, Ermura joan ziren bizi izatera. González Acha anaia-arreba biek urte askoan egin zuten lan Eibarko Arma Probatokian, beraien amak bezala.

Alberto González Atxa (1935-10-13)

Alberto

Eibarren, Isasi kalean jaio zen 1935an. Amak "Arma Probaderoan" egiten zuen lan eta gerrate garaian herritik alde egin behar izan zuten, "Probaderoarekin" batera. Itzuli zirenean, euren etxean beste batzuk bizitzen zeudenez, Ermura alde egin behar izan zuten. Hantxe ezkondu zen Higinia Solozabal bolibartarrarekin eta lau seme-alaben aita da. Ziortza-Bolibarko andrearen "Anittu-Goiko" baserrian bizi zen elkarrizketa sasoian. Ermua zein Eibarkoak dira bere ume eta gaztetako gogorapenak.

Ernesto Gorosabel Amuategui (1928-01-04)

Ernesto

Aquilino Amuategiren iloba.

Oier Gorosabel Larrañaga (1972-04-26)

Oier

Eibartarra jaiotzez, Lekeition bizi da. Fisioterapeuta eta espeleologoa, historia eta genealogia kontuetan zaletu. Sarean ere oso pertsona aktiboa, bere blogetan ez ezik, baita sare sozialetan edo beste ekimen batzuetan ere.

Juan Guisasola Ariznabarreta (1917-09-10 / 2002-06-23)

Juan

Juanito Gisasola "Txoko", CDE-ko kide zen. Arrateko Igoeraren antolatzailea; Frantziako Tour-eko antolaketan 9 urtetan parte hartutakoa; eta abar. Kirol munduan lan asko egindakoa. 2002ko ekainean zendu zen.

María Paz Guisasola Cisnal (1907-02-10 / 2002-06-26)

María Paz

Gurasoak, José Gisasola eta Petra Cisnal. Aita, Alfonso XIII.aren sasoian, zinegotzi sozialista izan zen. Marcelino Bascaran, Toribio Etxebarria, Jacinto Galarraga, Erkiaga eta Julián Etxebarriarekin batera Eibarko sozialismoaren sortzaileetako bat. Paz-ek Jacinto Olaberekin marrazten ikasi ondoren, aitarekin hasi zen lanean, grabadore moduan. Gubilean ere ikasi zuen.

Juanita Gurrutxaga Ansola (1907-02-10 / 2002-06-26)

JuanitaBarrenkalekoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu eta Segunda San Martinekin batera.

Tomasa Idarraga Zulaica (1914-03-13 / 2008-11-10)

Tomasa

Arragueta kalean jaio zen, baina artean umea zela Txontako Telleria kale-baserrira joan ziren bizitzera. Ama elgoibartarra zuen; aita, berriz, eibartarrra, Urkuzei baserrikoa. Txonta eta Urkizu ingurua oso ondo ezagutzen zituen eta azalpen interesgarriak ematen ditu bertako toponimia, baserri, eraikuntza eta lantegien inguruan.

Jaione Iraeta Santa Ageda (1921-04-11)

Jaione

Aita grabadore ezaguna, grabatu tailer ezagun bat izan zuten Grabadores kalean bertan. Abertzaletasuna ume-umetatik bizi izan zuen bere etxean; Jaione bera ere abertzale amorratua. Lehenengo eibartar abertzaleen artean bere sendiko hainbat kide topatu daitezke. José Antonio Aguirre lehendakaria ere etxean ezagutu zuen.

Antonia Iriondo (1921-04-11)

AntoniaPartxuango baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu, Juanita Gurrutxaga eta Segunda San Martinekin batera.

Pedro Irusta Azpiri (1928-01-03)

Pedro

Roberto Isasi Jayo (1935-07-23 / 2009-07-17)

Roberto

Urkizun jaio zen 1935ean. Ehiztari eta arrantzale amorratua; perretxikotarako afizioa ere ume-umetatik izan zuen, aitarekin hasi eta ondoren bere kabuz lantzen joan zena. Naturarekin zerikusia duten gaiak oso ondo ezagutzen zituen eta bere azalpenak ezinbesteko izan ziren Eibarren egindako hainbat bilketa-lanetan, bereziki "Eibarko Hiztegi Etnografikoan".

Jose Kareaga Guridi (1930-03-09 / 2008-08-28)

Jose

Eibarren jaio zen 1930. urtean Errebal kalean; gurasoak ere eibartarrak zituen. Aita grabatzailea zuen, Mateo Kareaga, Errepublika garaian Eibarko udaletxean zinegotzi izandakoa (errepublikazalea). Aitita ere grabatzaile eta damaskinatzaile ezaguna izan zen, Kaietano Kareaga. Jose bera ere gazterik hasi zen marrazkigintzan eta grabatzaile lanetan. Margolaria ere izan da.

Gregorio Kortaberria (1916-05-25 / 2004-12-06)

Gregorio

Antzuolako baserri batean jaiotakoa, 13-14 urte zituenean Eibarko tio bat joan zitzaion bila, berarekin lanera eramateko. Tio pasteleroa zen eta ogibide hori ikasi zuen Gregoriok. Gerra Zibila hasi zenean, berak 20 urte zituen. Eibartik irten ziren eta herriz herri ibili ondoren, Bilbora heltzea lortu zuten. Handik, Asturiasera. Batetik bestera ihesi, sasoi illunak izan ziren haiek (konzentrazio esparrua, "Batallón de Trabajadores"...).

Elena Laka Muñoz (1966-02-23)

Elena

Eibarko Urki auzoan jaiotakoa eta hazitakoa, garaiko ikastola hasi berrian hezitakoa. Lehengo berbetan esanda, Bergarara ezkondu zen eta han bizi da familian. Abokatua lanbidez eta lanaz kanpoko lanetarako afizioduna. Eibar.org-en interneteko konexioa telefono dei baten tonoarekin egiten zen denboratik, hau da, hasieratik. Izan eta Esan blogeko idazlea da Laka.

Esteban Justo Larrañaga Argarate (1913-08-03 / 2004-02-07)

Esteban Justo

Justok Santanderren egin zituen bere ikasketak eta bertako futbol taldean jokatu zuen sasoi batean. Gerra garaian, Batallón Avellanedan egon zen. Justoren amona, Simona, Arraindegi kalean zegoen okindegi baten jabea zen. Justok bertan egin zuen lan eta hortik datorkio gaitzizena, "Simonanekua". 20 urterekin ekin zion okin lanari, eta 65 urte izan arte jarraitu zuen bertan. Migel Gallastegi pilotariaren lagun eta entrenatzaile ere izan zen.

Leonor Larrañaga Azurza (1913-07-01 / 2002-09-08)

Leonor

Gerra garaian Eibartik Durangora joan ziren ihesi ama-alabak. Bertan, bonbardaketak bete-betean harrapatu zituen. Asturias aldera jo zuten ondoren eta bertatik Valentziara eraman zituzten, Alberiquera. Han arma-lantegi batean hasi zen lanean Leonor. Eibarrera itzulitakoan, kartzelara sartu zuten. Bizimodu gogorra ezagutu bazuen ere, emakume oso alaia eta bizia zen. Herriko hainbat ekitalditan parte zuzena hartzen zuen eta oso maitatua zen.

Ramiro Larrañaga Fdez. de Arenzana (1924-04-22 / 2005-05-01)

Ramiro

Soraluzen jaiotakoa. Gerra Zibila eta ondorengo urteak zuzenenan bizi izan zituen. Kulturaren arlo desberdinetan gogor lan egin zuen bizi guztian zehar, eta emaitza aldetik gizon oparoa izan da.

Paulino Larrañaga Longarte (1918-04-13 / 2011-03-03)

Paulino

Paulinok ume-umetatik marrazteko zuen gaitasuna ikusirik, Jesús Berezibar "Txopa"-rengana bidali zuten ikas zezan; gero, Cayetano Careagarekin ikasi zuen grabatzen. 18 urte zituela gerra hasi eta boluntario bezala aurkeztu zen. San Andrés Batailoian egon zen baina preso hartu zuten eta León-era eraman zuten lehenik, gero Batallón de Trabajadores-ekin Nafarroara. Handik Teruel-eko frentera eta bertatik Bartzelonara. Han, Gobernu Militarrean egon zen marrazkilari bezala. Gerra amaitutakoan, mobilizazioa etorri zen eta soldadutza egin behar izan zuen. 1941ean, Gernikara joan zen lanera, trokel artistikoak egitera. 24 urte zituenean, Eibarrera itzuli zen. Irakurtzeko zaletasun handia izan du beti. Gehienbat egurra izan da landu duena.

Faustino Larrañaga Ugarteburu (1904-08-29 / 2007-02-23)

FaustinoAita Barinagakoa (Markina) zuen eta ama Gerrikaizkoa. Aginagara ezkondu ziren, eliza ondora, eta bertan jaio zen Faustino 1904an. Zortzi anai-arrebatatik zaharrena, urte bi zituela "Arando Aurtena" baserrira joan ziren bizitzera, eta hantxe bizi izan da 80 urtean. Auzo bereko Josefa Ugarteburu Azpiazurekin ezkonduta, alaba bakarra izan zuten. 80 urte inguru zituela, alargunduta, alabaren etxera jaitsi zen bizi izatera; hala ere, egunero igo izan da baserrira (oinez) 90 urte bete arte. Baserritarra ogibidez, egur-ikatza eramaten zuen Eibarko tailerretara sua egin eta pistolaginak burdina tenplean ipintzeko. "Drogetenitturrin", Ermua eta Mallabiko herri aldizkarian, bere 100. urtebetetzearen aitzakiarekin elkarrizketa egin zitzaion "Danerako lain urte dakat" izenburuarekin. Ermuan hil zen 102 urteak beteta.

Ignacia Larrarte (1904-08-29 / 2007-02-23)

Ignacia"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Vicenta Unanue eta Cleto Unzuetarekin batera.

Asunción Larraza Zubiria (1914-08-15 / 2002-07-01)

Asunción

Jose Mari Larraza eta Juana Zubiriaren alaba. Gerra aurrean Kalbetoi kalean bizi zen eta bere aitaren tabernan (Jose Mari Taberna) egiten zuen beharra. Jose Mariren Taberna Frontoi Zaharraren alboan zegoen eta oso ezaguna zen. Ama, ahizpa eta bera aritzen ziren tabernan.

Rosa Larrea Aldecoa (1927-12-05)

Rosa

Usansoloko baserri batean jaioa. Eibarko Aldatze Ikastetxera moja etorri zen. Perura joan zen misiolari gisa (Lima-San Juan del Oro) Aldatzeko beste moja batzuekin batera.

Luciana Larreategui Arizaga (1912-05-28 / 2003-01-28)

Luciana

1912an jaio zen Ardantza kalean. Aita, Esteban Larreategi "Errotatxo" eta ama "Euzkiñekua". Umetan, udaletxeko eskolara joan zen ikastera. Jacinto Olaberekin grabatzen ikasi zuen eta 1931an Eibarko Udalak Errepublikako presidentea zen Niceto Alcalá Zamorari oparitu zion pistola damaskinatua, bien artean egindakoa zen. Aita bezala, Luciana ere mendizale amorratua izan zen gazte denboran, Errepublika sasoian Eibarko Club Deportivo-ko Juntan bokal izatera iritsi arte. Grabadore lanarekin jarraitu zuen luzaroan baina ezkondu eta urte batzutara, Alfan hasi zen lanean. Errepublika sasoia eta Gerra Zibila zuzen-zuzenean ezagutu zituen.

Lucía Larreategui San Martin (1909-12-13 / 2002-12-30)

Lucía

Zuloagatarren etxean jaiotakoa. Gerra aurreko Eibar oso ongi ezagutu zuen.

Concha Laspiur (1909-12-13 / 2002-12-30)

Concha

Kontxa Laspiur Zabala (1924-11-30)

Kontxa

Bergaran jaio zen, baina 4 urterekin etorri zen familia osoa Eibarrera eta eibartar sentitzen da (hizkeraz ere eibartarra da). Aita txistularia izan zen Eibarren errepublika garaian. Concharen anaia, Imanol Laspiur, euskaltzale ezaguna izan da. Concha ere euskaltzale amorratua izan da beti, eta 1963tik aurrera, euskarako irakaslea izan da. 1963an klaseak ematen hasi zen, erdi ezkutuan, Eibarko Kulturala elkartean; gerora, hainbat urtez, AEK-ko irakasle izan da.

Iñaki Lazkano Lizundia (1968-05-17)

Iñaki

Eibarren jaioa. Ama Larruskaingoa zuen eta aita zarauztarra. Etxean jaso zuen euskara, eta Eibarko ikastolan ibili zen. 1986an Gasteizera joan zen Euskal Filologia ikastera, eta bertan bizi da. 1995ean Parral taberna hartu zuen, beste kide batzuekin batera; erreferentziazko tokia bilakatu zen Gasteizen. Hainbat lanetan jardun du: euskara irakasle Ardatz kultur elkartean, Geu euskara elkarteko euskara teknikari, Bartzelonako euskal etxeko kultur teknikari... Elkarrizketa egin genionean Oihaneder euskara etxeko teknikaria zen. Lazarraga kultur taldeko kidea da.

Victor Lecumberri Arana (1913-03-25 / 2005-09-28)

Victor

1913an jaio zen Barakaldo kalean. Ama, Bernardina Arana eta aita Rufino Lekunberri. Errepublika heldu zenean hasi zen politikaz arduratzen.·Lehenengo errepublikarra zen, "azañista". Berehala konturatu zen bera ezkertiagoa zela eta komunista egin zen. 1934an soldadutza egitera joan zen. 1936ko altxamendua izan zenean, bera soldadutzatik itzuli berri zegoen eta konpainia bat gertatzeko agindua eman zioten. Gerra hasi eta Tolosa-Irun-Donostia inguruan egon ziren pare bat astean. Han egin zuten teniente. Frentea Deba Arrora mugitu zenean, beraiek ere Eibarrera etorri ziren. Orduan antolatu zen Amuategi Batailoia. Víctor Santanderren hartu zuten preso, baina ihes egin eta Legioan sartu zen, frentera heldu eta alde egiteko asmoarekin.

Juan Leturiondo (1913-03-25 / 2005-09-28)

JuanEibarko Arrateballeko Gaztelu baserriko semea. Bertan bizi izan da beti.

Pedro Leturiondo Zigorraga (1932-01-01 / 2013-01-01)

Pedro

Aginaga auzoan jaioa. Gurasoak ere eibartarrak ziren, Arrate ingurukoak. 7 senide ziren familian. Barinagako (Markina-Xemein) Oriatxiki baserrian bizi izan zen.

Alejandro Lizarriturri Barrutia (1914-06-04 / 2009-07-21)

Alejandro

Aita Astelena frontoiko txartel-saltzailea zen eta ondorioz Alejandrok ume-umetatik ezagutu ditu bertan egiten ziren oilar-borrokak, dantzaldiak eta bestelakoak. Gerra Zibilean parte zuzena hartu zuen: txofer bezala lehenik, gerrako parteak batera eta bestera eramaten geroago. "Batallón de Trabajadores"en egondakoa. Urteak pasa eta orduko gazi-gozoak zertxobait arindu zirenean, garai gogor hartan bizitakoak liburuxka batean idaztea erabaki zuen.

Gloria Lizundia Echaluce (1912-03-25 / 2007-01-18)

Gloria

Gloriaren familian denak liberalak, errepublikarrak ziren. Ama, Benigna Victoria, Madridera joan zen Azañaren hitzaldia entzutera, "azañista" zen. Tomas Etxaluze kazetaria Gloriaren osaba zen. Astigarraga tenorea ere osaba zuen. Alcalá Zamora Eibarrera etorri zenean, Gloria kalez-kale joan zen berarekin. Gerra Zibila hasi zenean, ama kartzelara sartu zuten, lau urtez. Santanderren egon ziren sasoi hartan. Ama, rekadista bezela lan egiten zuen; ondoren Gloria hasi zen eginkizun horretan.

Secundino Loidi Erquizia (1919-07-01 / 2010-01-09)

Secundino

II. Errepublika aldarrikatu zen eguna zuzen-zuzenean bizi izan zuen. Secundinoren aita izan zen bandera errepublikarra udaletxeko balkoian jarri zuena. Gertaera horrek beharbada Secundinok aurrerantzean politikarekiko izan zuen konpromezua esnatu zuen. Gaztetan, parte zuzena izan zuen Club Ciclistak antolatutako hainbat ekitalditan ere.

Jose Mari Loiola Gisasola (1919-07-01 / 2010-01-09)

Jose MariEibarko Aginaga auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.

Faustina Lopez Larrea (1908-10-13 / 2008-06-13)

FaustinaElgetakalean jaio zen 1908. urtean. Aita nafarra zen, baina euskaraz ikasi zuen. Ama "Ermuarretakua", Elgetakalean bertan zegoen okindegiko alaba. Eibarko kale zaharrak eta Elgetarako bidea ondo gogoratzen ditu Faustinak, eta batez ere Urki ingurua nolakoa zen gerra aurrean, horixe baitzen beren jolaslekua.

Juana Josefa Loyola Vergara (1916-03-30 / 2005-11-22)

Juana Josefa

Asua baserrian jaio eta bertan bizi izan zen ezkondu arte. Eskolara 7 urterekin joan zen eta 14 urterarte joaten jarraitu zuen; ondoren klase partikularrak hartu zituen. Ofizinan lan egiteko ikasketak amaitu eta 17 urte zituenerako prest zegoen lanean hasteko. Lehenengo, jostundegi batean hasi zen lanean baina berehala Matsarian ekin zion lanari, Thieme & Edeler enpresan. Gerra Zibila hasi zenean, Thieme eta Edeler Alemaniara joan ziren. II Mundu Gerra hasi eta berehala galdu zen enpresa.

Maria Luisa Maître Jean Gorosabel (1920-08-25)

Maria Luisa

Eibarren jaio zen, 1920an, Arragueta kalean. 10 urte izan arte Arraguetan bizi izan zen, baina gero, amona hil ondoren, Otaola baserrira joan zen bizi izatera. Eibartar jatorra, Eibarko herriak bizi izan duen eraldaketa sozial eta urbanistikoaren lekuko zuzena da.

Juliana Mandiola Maguregi (1920-08-25)

Juliana“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Roberto Marcano Magunacelaya (1920-08-25)

Roberto

Angel Marcano eta Marina Magunacelayaren semea, aita 1938ko apirilaren 27an fusilatu zuten Santanderren. Roberto Marcano, Krimean, Kieven eta Tblilsin egon zen ume eibartar haietako bat izan zen. Zinematografia ikasi zuen Errusian. Bueltatu zenean Madrilera joan zen bizi izatera, Moro estudio famatuan egon zen lanean urte askoan marrazkilari gisa.

Niceto Marcano Muguerza (1932-04-14)

Niceto

Aita, Luis Marcano. Aitaren anaiak, besteak beste, Ángel eta Santiago. Guztiak oso ezagunak herritarren artean. Niceto 1952an hasi zen Alfan lanean, ofizina teknikoan. Marrazteko oso esku ona du; familiatik datorkio doai hau. Alfa lantegiak armagintzatik josteko makinara egindako jauzia eta ondorengo urratsak bereziki, oso ondo ezagutzen ditu. Hizlari oso ona, azalpen zehatz bezain sakonak ematen ditu antzinako Eibar eta Alfako lantegiaren inguruan.

Concepción Martínez Fuldain (1908-12-09 / 2002-06-14)

Concepción

1908an jaio zen Eibarren. Aita, Aquilino Martínez, grabadorea zen. Concha aitarekin ikasi zuen grabatzen baina gazterik umezurtz geratu zen eta laister joan behar izan zen kriada Bilbora. Benigno Baskaran eibartar sozialista ezagunarekin ezkondu zen.

Nieves Marzana Amuategui (1919-10-05 / 2002-09-06)

Nieves

Sozialista eta errepublikazale amorratua, Akilino Amuategi sozialista historikoaren iloba zen. Gerra Zibilean, senarra fusilatu zuten.

Salvador Marzana Amuategui (1918-01-09 / 2010-09-07)

Salvador

Salvador Marzana, 1918an jaio zen Eibarren. Aquilino Amuategi eibartar sozialista ezaguna aitona zuen. Ume-umetatik musikazale amorratua izan da Salvador, eta hainbat musika bandatan parte hartu izan du: "La Romeral"; Musika Banda Munizipala"; "Los Rebeldes"; "La Lira". Eibartar jatorra, hainbat gertaera historiko zuzen-zuzenean ezagutu ditu eta bizitasun eta zehaztasun handiz kontatu dizkigu.

Aurea Mendizabal Gorospe (1917-08-14 / 2008-08-27)

Aurea

Rosario Milikua (1915-10-15)

Rosario

Mallabian jaioa, 9 senide izan zituen. 33 urterekin Eibarko Kaskarrain baserrira ezkondu zen. Azokara saltzera joan ohi zen eta geroago mertzeria bat jarri zuen. Kaskarrain baserri inguruko toponimia ondo ezagutzen zuen eta Mallabiko hainbat ipuin ere ederki kontatu zituen.

Jose Mari Muguruza Ibarzabal (1929-01-01 / 2015-11-02)

Jose Mari

Eibarko Gorosta auzoko Txabolapagola ("Txabola") baserrikoa. Gerrako kontuak jasotzeko egin zitzaion elkarrizketa 2014an.

Jose Muñoa Zabaleta (1921-02-09 / 2011-10-01)

Jose

Aita Elorriotik etorri zen Eibarrera lan egitera. Ama Eibarren bizi zen jadanik eta ezkontzekotan zeudela Bidebarrieta kalean zegoen Hotel Julián hartu zute. Hotelak aurrera egin zuen eta poliki-poliki negozioa handitzen joan zen: taxiak, gasolindegia, e.a. José txikitatik hasi zen lanean aitari eta amari laguntzen. Garai batean Batzokia Muñoaneko etxean egon zen eta Josék gertutik bizi izan zituen alderdi desberdinen arteko eztabaidak.

Margarita Murguizu Azurmendi (1910-02-22 / 2004-07-14)

Margarita

Aldatzeko ikastetxean ikasi eta irakasle egin zen. Maltzagako auzo-eskolan jardun zuen 1920ko hamarkadan umeei klaseak ematen. Ondoren Bilbon jardun zuen lanean. Ikastolen sorrera bertatik bertara ezagutu zuen, eta orduz kanpo euskaraz irakasten zuen Bilboko ikastolan. Bertan harrapatu zuen gerra zibilak, eta Belgikara egin zuen ihes ume mordoarekin. Eibarrera itzulitakoan klase partikularrak ematen hasi zen bere etxean, eta urte batzuk geroago Chilera joan zen misiolari. Eibarko ikastolaren hastapenetan ere parte zuzena hartu zuen, eta hainbat gazteren euskara irakaslea izan zen.

Dunisi Murua Sarasqueta (1931-12-12)

Dunisi

Eibartar grabadore ezaguna. Udaletxeko grabatu-damaskinatu eskolan ikasi zuen ogibidea. Ama ere damaskinadorea zuen (Cayetano Kareagarekin lan egiten zuen). 17 urterekin hasi zen lanean; hasieran damaskinatu lanak egiten zituen, baina 24 urte zituela damaskinatzeari utzi eta grabatugintzan buru-belarri sartu zen. Jende ospetsuarentzat lan asko egin izan ditu: Luis Mariano; Perón...

Leire Narbaiza Arizmendi (1968-04-05)

Leire

Eibartarra, bertan jaio eta bizi izandakoa. Euskara irakaslea ofizioz, "Kalamuatik Txargainera" blogeko idazlea ere bada Narbaiza.

Dominga Narbaiza Iriondo (1900-01-01)

Dominga

19 urterekin Uretara (Ermua) ezkondu zen.

José Ocamica Clementi (1926-09-26)

José

José Ocamica Clementi nació en el año 1926 en Brescia, Italia. El padre de José, Isaac Ocamica, se había trasladado en su juventud a la citada ciudad para abrir una armería; casado con la italiana Herminia Clementi con la que tuvo dos hijos, fue encarcelado en la época en la que Mussolini alcanzó el poder. La familia decidió regresar a Eibar en 1933 . José aprendió a dibujar con Francisco Marcano Arregui y Juan Michelena Arizmendi, acudió a la escuela municipal del Frontón Viejo, y posteriormente al colegio de la Salle en Isasi. En 1936, por precaución, sus padres decidieron enviarlo a Rusia con muchos otros niños. Odessa fue la primera ciudad rusa que conocieron y en la que estudiaron; de allí fueron enviados a Saratov para trabajar en una fábrica de aviación. Más tarde José marchó a Moscu y años después fue trasladado por la Cruz Roja a Crimea en donde trabajó en una empresa agrícola. Por último, en Niepropetov, ciudad en la que se empleó en el sector metalúrgico, conoció a su mujer, Maria Stepanova Dubowik, con la que se casa, tiene un hijo y regresa a Eibar en 1956. A la vuelta fue traductor de ruso en las fábricas más importantes de la zona (Fagor, Danobat…)

Vicente Olabe Etxebarria (1911-05-24 / 2006-12-22)

VicenteEibarren jaioa Bitor Sarasketa kalean. Jacinto Olabe artistaren semea. Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon eta Alfako zuzendari izan zen urte askoan. Azken urteotan Bilbon bizi izan da. Toribio Etxebarria osabaren hiztegia aztertu eta landu du.

Maritxu Olarra Olazagirre (1928-10-19 / 2017-04-17)

Maritxu

Eibarko Arrate auzoan azken 60 urteotan gertatutakoaren lekukorik handiena da Maritxu. 1928. urtean jaio zen Donostian, Zabalegi baserrian (Aieten), baina hamabost urte besterik ez zituela, 1943an, Eibarrera joan zen zerbitzatzera Arrateko abadetxera, Don Pedro Gorostidi ezagunaren etxera. Don Pedro eta bere senideak zaindu zituen, Arrateko ostatuan zerbitzatu zuen, Arrateko elizako serora izan zen hainbat urtez, eliza alboko dendako arduraduna izan zen, Arrate Irratiaren sorrera ezagutu zuen, eta Arraten azken 60 urteotan izan diren aldaketa guztiak bizi izan ditu. Don Pedroren iloba batekin ezkondu zen 1957an, Andres Egidazurekin, eta 3 alaba izan ditu. Bere hizkeran, Eibarko, Elgoibarko eta Donostiako euskararen eragina nabari da, nahiz eta elgoibartarra nagusitu (Don Pedro eta bere senarra elgoibartarrak baitira).

Dimas Ormaetxea (1928-10-19 / 2017-04-17)

DimasEibarko Kiñarra auzoko Iraegi baserrian jaioa, hantxe bizi izan da beti. Eibarko toponimia biltzeko lanean parte hartu zuen. Baserritarra eta artzaina.

Imanol Ortíz de Zárate Arrinda (1921-06-20 / 2010-11-03)

Imanol

Aita eta ama Abadiñokoak ziren baina aitak Eibarren egiten zuen lan. Imanolek 7 urte zituenean familia osoa Eibarrera etorri zen bizi izatera, Errebal kalera. Gaztetan, boxeoan egiten zuen eta Eibartik kanpo hainbat plazatan erakutsi zuen bere gaitasuna. Gerra sasoian, gudariekin batera borrokatu zuen frente desberdinetan. Pelotazale amorratua.

Ziriako Ortiz de Zarate Arrinda (1928-06-07 / 2013-03-14)

Ziriako

Eibarko Maria Angela kalean jaio zen 1928an, baina "Elorreta" baserrian hazitakoa zen, Urko mendiaren magalean. Han emandako urteak ganadu eta baserriaren mundua ondo ezagutzeko beta eman zioten. Eskolara joateko aukera eza bere irakurtzeko zaletasun apartarekin orekatu zuen. Bertsolaritzaren, pilotaren eta batez ere herri-kirolen gaineko artxibo bizia izan da, data eta datu kontuetarako fidagarria oso. Eibarko "Arrate Irratiko" esatari 1982tik geroztik, herri-kirolak komunikabideetan duten hutsunea betetzea lortu zuen bere eguneroko agerraldiekin. Ermura ezkondu eta bertan bizi izan zen azken urteetan.

Maritxu Osa Unamuno (1921-05-11)

MaritxuEibarko Ariatzan jaio zen (gaur egun desagertuta dagoen kalea), "Sanjuantxoneko" etxean. Bost urterekin Jardinetara joan zen bizitzera. Aita Goimendikoa zuen (Bergara), ama Arrazola baserrikoa (Otaola-Kiñarra auzoa). Maritxuk ere egun asko pasa zituen Arrazolan. Baserri ezaguna zen Eibarren; taberna eta bolatokia ere bazituen eta erromeriak egiten ziren jaiegunetan. Kiñarra, Goimendi eta Azurtza inguruko baserritarren bilgunea zen. Eibarko kaletik ere hainbat lagun joaten zen jaiegunetan dantzara eta afaltzera. Gerra garaia ere baserrian igaro zuen, bala eta kanoi hotsak buru gainean zituztela.

José Mari Oyarzabal Landa (1921-05-11)

José Mari

Ingalaterrara eraman zuten bere arrebarekin batera Habana itsasontzian, maistra bik eta Antonio izeneko abade batek lagundu zien umeei bidaia hartan. Carlisle herrira heldu ziren eta han geratu ziren II. Mundu Gerra hasi arte. Orduan, Eibarrera itzuli ziren. Arreba Ingalaterran geratu zen. Jose Marian mekanika ikasi zuen Armeria Eskolan. Motobic eta Cadenas Iris tailerretan egin zuen lana.

Felisa Pascual Ucín (1907-07-29 / 2002-09-13)

Felisa

Ama, Azpeitiakoa. Aita, Gasteiz ingurukoa. Azpeitiatik, Bergarara joan ziren bizi izatera lehenengo eta ondoren Eibarrera. Felisa, Barakaldo kalean jaio zen. Alhondigara joan zen hasierako ikasketak egitera. Umetan, antzerki eta dibujorako zaletasun handia zuen. Jacinto Olaberekin egin zituen bere marrazketa ikasketak. Gaztetan, jostuna izandakoa. Republika sasoia eta Gerra Zibila bete-betean bizi izan zituen.

Andres Prieto Arana (1918-01-16 / 2010-03-04)

Andres

Andrés Prieto Arana nació en Eibar en 1918. Se incorporó desde muy joven a las Juventudes Socialistas. A raíz del movimiento revolucionario de octubre de 1934 estuvo detenido en la prisión de Pamplona. Tras el triunfo del Frente Popular, fue nombrado oficial administrativo del Juzgado de Eibar. Estuvo en el frente en las operaciones militares de Irún, Tolosa, Lasarte… Tras salvarse del bombardeo de Gernika, fue capturado por las tropas franquistas cuando estaba a punto de huir en barco. Estuvo preso en Pontevedra, Santoña y Teruel. En 1938, condenado a muerte y conmutada la pena, logró huir a Francia con otros siete presos. En el exilio militó en la Unión Nacional Española y trabajo para la Resistencia francesa creando la “105 brigada de guerrilleros españoles”. Terminada la guerra, se trasladó a París donde trabajó para los lehendakaris José Antonio Aguirre y Jesús María Leizaola.

Juan Luis Rodriguez (1918-01-16 / 2010-03-04)

Juan Luis“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.

Miguel Sagastume (1931-03-22)

Miguel

Urkiko baserri bateko semea. Aitak trikitia jotzen zuen eta Miguel gazte-gazterik hasi zen soinua jotzen. Solfeo, piano eta filarmonika ikasketak ere egin zituen. Bergarara joan zen ikastera. "Mago de Urki" gaitzizenaz ere ezaguna, zenbait txapelketatan parte hartu zuen. Benetako aukera, ezkontza batean etorri zitzaion. Cubara joateko eskaintza egin zioten eta birritan pentsatu gabe bertarako bidea hartu zuen, amarekin batera. "Tropicana"-n jotzen jardun zuen baina ama gaixotu eta 4 urte Cuban egin ondoren, Eibarrera itzuli ziren. Bolera amerikanoa martxan ipini zenean Eibarren, Miguel kontratatu zuten. Hortik aurrera, "Orquesta Urki"-rekin, Jai Alai dantzalekuan, inguruko herrietan, e.a. jotzen hasi ziren.

Antonia Salaverria Azcarate (1906-06-13 / 2000-11-28)

Antonia

Gaztetatik izan zuen pilotan jokatzeko zaletasuna, eta lehenengo neska eibartarrak raketa jokoan ezagunak egin zirenean, berak ere bide horri eutsi zion. Hasi bezain laster oso ezaguna bilakatu zen inguruan eta baita Madrid eta atzerriko beste hainbat tokitan ere. Eibarko raketista gazteei laguntzeko prest zegoen beti. Bartzelonan bizi izan zen urte askotan eta ezaguna da oso gerra garaian Antonia eta bere senarra izan zen Ildefonso Arrietaren jarrera eskuzabala hemendik Bartzelona aldera ihesi zihoan jendearekiko.

Juan San Martin Ortiz de Zarate (1922-06-23 / 2005-05-30)

Juan

1922ko ekainaren 23an jaio zen Eibarren, San Juan bezperan. Jaio eta hurrengo egunean, Primo de Rivera-ren diktadura ezarri zen. Gerra Zibila irten zenean, Juanitok 14 urte zituen. Gazte-gaztetatik, irakurtzeko zaletasun handia izan du. Euskalduna eta euskaltzalea. Toribio Etxebarriak eragin handia izan zuen Juanitoren pentsakeran. Euskaltzain osoa, Ararteko ere izandakoa, kulturaren arlo desberdinetan gogor lan egin zuen bizi guztian zehar, eta emaitza aldetik gizon oparoa izan da.

Maria Luisa San Martin Urriategi (1922-06-23 / 2005-05-30)

Maria LuisaOtaola auzoko Eguren baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an.

Segunda San Martin Urriategi (1922-06-23 / 2005-05-30)

SegundaEguren baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu eta Juanita Gurrutxagarekin batera.

Antonio Sarasketa Errasti (1917-10-31 / 2013-06-21)

Antonio

Gurasoak Eibarkoak izan arren, Gernikan jaio zen Antonio, aita bertako Astra lantegira lanera joana zelako. Denbora gutxi egin zuten bertan, Antoniok 2 urte zituela aita hil egin baitzen. Ama laugarren semearekin haurdun zegoen eta Eibarrera itzuli ziren. Antoniok 9 urte zituela ama ere hil egin zitzaien eta amamak hazi zituen gaur egun Urkizu kalea dagoen inguruan zegoen Errasti baserrian. Ibarkurutzeko eskolan ibili zen lehenbizi, baina eskola mordoa pasa zituen: Ibarkurutzetik Goardia Zibilen kuartela dagoen lekura pasa ziren; gero Jardinetako eskolara; handik Orbeako eskolara eta, azkenik, Isasiko fraideen bukatu zituen ikasketak. 14 urterekin Elgezua maisuarekin aprendiz moduan hasi zen. Elgezuaren lantegia itxi zenean, arotzerian ibili zen Martin Errastiren arotzerian. Gerra ostean, berriz, forjan lan egin zuen urte askoan eta azken urteak Alfa lantegian egin zituen. 14 urterekin EAJn afiliatu zen eta alderdi honi lotuta pasa du bizia. Gerra Zibila hasi zenean boluntario aurkeztu zen babeslekuak egiteko eta Urkizuko babeslekua egiteko lanetan ibili zen. Bide-bazterrak zaintzen ere ibili zen, goardia moduan, eta baita Eibarko lantegietako makinak kamioietan kargatu eta Zamudiora eramaten ere. Soldaduak Eibarrera iritsi baino lehen Bilbora alde egin zuen. Bertan Aralar batailoian izena eman zuen. Frankistek harrapatu ostean Castro Urdialesen egon zen preso. Jarrera onagatik libre utzi zuten, baina Francoren tropekin Espainian zehar bidali zuten orduan America 23 konpainiarekin. Betidanik izan da kirolzalea eta denetarik probatu du. Mutikotatik pilotan jokatzen zuen eta bere lehengusuarekin binakaka txapelketaren bat ere irabazi zuen. Erremontean ere aritzen ziren. Boxeoan ere ibilitakoa da, Frantziatik etorritako boxeo jokalari baten gidaritzapean. Baina ibilbide luzeena futbolean egin zuen. 1935ean hasi zen jokatzen "Unión Deportiva Eibarresa" taldean. Gerra garaian Castelloneko taldearekin ere izan zuen fitxa, nahiz eta partidurik ez jokatu, eta geroago, Iruñeara bidali zutenean, Chantrea taldean ere jokatu zuen. Ezkondu ostean Arrate taldeko entrenatzaile gisa hasi zen eta urte asko egin zituen lan horretan ere.

 

Benigna Sarasketa Maiztegi (1922-06-29)

BenignaEibarko Jardineta kalean jaio zen 1924. urtean eta han egin du bizi guztia. Jardineta kalean 4 etxe besterik ez zeuden garai hartan. Bere osaba Kruzetaneko zineko langilea zen, eta ondo gogoratzen ditu antzokia eta gerra aurreko pelikulak. Gerra garaian Bilbora eta Valentziara joan behar izan zuen bere familiarekin. Albericen pasa zituen 2 urte inguru, errepublikazaleen arma-fabriketan lanean, beste hainbat eibartarrekin batera.

Asier Sarasua Aranberri (1969-04-18)

AsierEibarren jaioa, Aldatze kalean. Gurasoak eta aitxitxa-amamak ere eibartarrak izan ditu. Nerea Aretak Eibarko euskararen morfologia aztertzeko egindako doktore-tesian, Asier Sarasua ere lekuko izan zen. Auzorik auzo egindako laginketan, gazte kaletar baten hizkeraren lekukotasuna eman zuen. Asier Sarasuak, bere aldetik ere, Eibarko hizkera eta ohiturak jasotzeko hainbat lan egin ditu, besteak beste, "Eibarko euskara" (2005), "Eibarko hiztegi etnografikoa" (2003), "Eibarko baserriak" (1998), "Eibarko mapa toponimikoa" (2005) eta abar. Eibartarren Ahotan bilketa-proiektuko arduraduna ere izan zen eta Eibarko hiztegi digitalean ere parte hartu zuen (www.eibarko-euskara.com).

Antonio Sarasua Gisasola (1912-07-21 / 2002-01-13)

Antonio

Jose Sarasua Gorrochategui (1923-07-10)

Jose

Eibartar peto-petoa. Giro berezia zuen herri txiki industriala bertatik bertara ezagutu zuen. Garai hartan zabaldua zegoen musikarako zaletasuna gaztetatik izan zuen Josék. Kale giroan zein Parrokiako koruan zaletasun hau sendotzen joan zen. Gerra Zibileko urte gogorrak gertutik ezagutu zituen. Aitari jarraituz Valencia-ra joan zen eta bertan lanean hasi zen bereziki gerrarako gertatutako lantegian. Gerra ostean Eibarko berreraikitze lanak zuzenean bizi izan zituen eta berak ezagutzen zuen nortasun handiko herri txikia zeharo aldatu zen, boom industrialak ekarri zituen aldaketak zirela medio.

Julio Sarasua Guisasola (1917-08-15 / 2001-01-10)

Julio

Grabatzaile eta musikari familian jaioa, Ramon Sarasuaren anaia bikia. Aita (Pablo Sarasua) eta aitona (Donato Sarasua) grabatzaile ezagunak izan ziren. Amaren aldetik, berriz, Gisasolatarren familiakoa zen, "Organistianekua", Juan Bautista Gisasola musikariaren loiba. Euskalduna eta euskaltzalea, "Lauaxeta"rekin batera aritu zen gaztetan lanean "Gudari" aldizkarian. Kazetari bezala, artikulo ugari irten ziren bere luma zorrotzetik. Gerra Zibilean preso hartu zuten eta heriotz-zigorra ezarri zioten. 18-19 hilabete kartzelan pasa ondoren, Heraldo de Aragón-eko kazetariekin trukea egin eta aske geratu zen.

Mari Carmen Sarasua Muguerza (1925-10-05)

Mari Carmen

Ama Mendarokoa zuen; aita eibartarra. Umetan, Pagei kalean bizi izandakoa. Gerra Zibila hasi zenean 11 urte besterik ez zituen baina hala ere oso ondo gogoratzen du Eibar nolakoa zen. Gerra garaian lehenik Frantziara joan ziren ihesi, eta handik Valentziara. Eibarrera itzuli zirenean, herria suntsituta aurkitu zuten, eta beraien etxea lur jota. Ondorengo urteak ere gogorrak izan ziren beraientzat.

Jesusa Sustaeta Abendibar (1925-10-05)

JesusaEibarko Arrate auzoan jaioa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Mercedes Telleria Izaguirre (1913-02-05 / 2008-02-19)

Mercedes

Eibarren jaiotakoa, Bidebarrieta kalean. Ama, María Eizagirre eta aita, Lorenzo Telleria (1890), biak ermuatarrak. Aita "Ermittanua" gaitzizenarekin ezagunagoa zen lagun artean (Sallabenteko ermita zaintzen zuelako); ama "Konbentukua", bertakoa zelako. Ama, Madridera joan zen kriada 17 urterekin. Mercedesen etxean 6 anai-arreba ziren eta Mercedesek 5 urte zituenean, Plaza Barrira joan ziren bizi izatera; harrezkero bertan bizi da. II. Errepublikaren aldarrikapena eta 1934ko iraultza zuzenean bizi izan zituen. Gerra Zibilean, Ermuan egon ziren lehenengotik, Oletxeko baserrian. Gerra ostean Eibarrera itzuli eta hurrengo urteak bete-betean bizi izan zituen.

Dolores Tolosa Lariz (1911-09-17 / 2003-11-09)

Dolores

Plaza Berrian jaiotakoa, eibartar peto-petoa. Eibarko herriaren nortasuna eta izaera barne-barnetik bizi eta sentitzen zituen.

Mertxe Ugarte Atxotegi (1927-03-31)

MertxeEibarren jaio zen, Elgetakalean, 1927. urtean. Aita Amorebietakoa zuen, ama eibartarra. Oso ondo gogoratzen ditu umetako Eibar eta gerra aurreko kale zaharrak: Arraindegi, Birjiñape, Barrenkale, Elgetakale, Piparkale (Ifarkale) eta abar. Elgetakale inguruko taberna eta dendei buruzko informazio asko ere eman du elkarrizketan: Badeteneko taberna, Ermuarrareneko okindegia, Buruneko sagardotegia... Sinfo denda ezaguna ere gertu-gertutik ezagutu izan du, bere amama baitzen Sinforosa "Sinfo" oihal eta bordatuen denda ezaguneko ugazaba.

Hipoli Ugarteburu Lizarralde (1921-01-30)

HipoliEibarko Bidebarrixetan jaio eta hantxe joan zen eskolara ere, doña Felisa maistrarekin; hark erakutsitakoak ahaztu barik ditu. Gerrate denboran hainbat bizileku eta bizipen gogor ezagutu ostean, Eibarren etxerik ez eta 18 urte egin berri zituela, gurasoekin batera Ermuko Kaltxangora etorri zen. Josten egiten zuen etxerako zein kanporako, eta ederto gogoratzen ditu orduko moda eta oihalen mundu hori. Etxekoei josten ikasi nahi zuela esan zienean, aita Justok Dibujora bidali zuen Eibarko Akademia batera, jostun ona izateko beharrezko izango zuela erizten zion eta. "Erromadetako" Andoni Areitioaurtenarekin ezkondu eta 8 seme-alaba izan zituzten. Hizkera: eibartarra.

Martin Ugarteburu Eizaguirre (1925-10-12)

Martin

1925ean jaio zen Markinan eta 12 urterekin Eibarrera etorri zen. Bidarteren Tailerrean hasi zen lanean eta ikasten. Grabatzaiile ofizioa ikasi eta lantegi txiki bat zabaldu zuen bere kontura.

Paulina Ugarteburu Iriondo (1925-10-12)

PaulinaNebera baserrikoa."Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Seguna San Martin eta Juanita Gurrutxagarekin batera.

Emilia Unamuno Zamakola (1915-04-27 / 2009-05-22)

EmiliaEibarko Arraindegi kalean jaio zen. Oso gazterik joan zen Calbetón kalera bizitzera, baina Arraindegi kaleko sentitzen da. Gerrak eraman zuen Arraindegi kalea eta, elkarrizketa egiteko unean, Emilia da kale horretan jaiotakoen artean edadetuena. Kaleari buruzko hainbat azalpen eman dizkigu. Aita Soraluzekoa zuen, baina gazterik etorritakoa Eibarrera; ama oso gazterik hil zitzaion. Eskolara udaletxera joan zen doña Petra irakaslearekin, baina denbora gutxian: ez zitzaion gustatzen eta etxean lan asko izaten zuen egiteko (amaren faltan). Familia guztia sozialista zen; anaia nagusiek 1934ko matxinadan hartu zuten parte. Bere senarra gerran zauritu zuten.

Vicenta Unanue (1915-04-27 / 2009-05-22)

Vicenta"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Ignacia Larrarte eta Cleto Unzuetarekin batera.

Adelina Unanue Muñoz (1923-08-30)

Adelina

Adelina Unanue, 1923an jaio zen. Aita, Lucio Unanue; Plazentzian jaio zen errementari familia batean, baina gazterik Eibarrera etorri zen bizi izatera. Betidanik Ortuostetarrekin harreman handia izan zuten Unanuetarrak. Lucio Unanue, Victoria Ortuosteren senide egiten zen eta Adelina gazte-gaztetatik ezagutu zuen Ortuoste familia eta hauek zuten argazkilaritza estudioa. 1936ko gerran, Unanue eta Ortuoste-Castrillo sendiak elkarrekin egin zuten ihes Bilbora.

Jesusa Unzetabarrenetxea (1918-03-31)

Jesusa

Barrenetxe baserrian jaioa, azken urteak kalean igaro zituen. Hala ere, ia egunero igotzen ziren baserrira bera eta bere ahizpak. Baserriko tresna guztiak ondo gordeta izan dituzte, ia-ia museo baten itxurarekin. 1998an antolatutako "Eibarko basarrixak" erakusketarako laguntzaile handiena izan zen.

Cleto Unzueta (1918-03-31)

Cleto"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Vicenta Unanue eta Ignacia Larrarterekin batera.

Juana Unzueta García (1924-06-16)

Juana

1924ko ekainaren 16an jaio zen Fermin Calbetón kalean. Armando anaiarekin Errusiara bidali zuten. Armandok lau urte baino ez zituen. Leningradon eta Pravdan bizi izan ziren. Dantza klasikoa ikasi zuen eta dantzari profesionala izan zen Errusian. 1945an Manuel Ruizekin ezkondu zen. 1956an itzuli zen Krimeatik Valentziara etorri zen itsasontzian. Bere anaia Madrilera joan zen bizi izatera. Juanitak dantza eskola jarri zuen Eibarren harik eta erretiroa hartu arte.

Nicolasa Urtiaga Irusta (1910-12-06 / 2003-04-06)

Nicolasa

Gerra aurreko Eibar nolakoa zen oso ongi gogoratzen zuen. Eibarko bonbardaketa ere zuzen-zuzenean bizi izan zuen. Solac lantegian jardun zuen gaztetan.

Jose Luis Urzuriaga Lete (1910-12-06 / 2003-04-06)

Jose LuisEibarko Arrate auzoan jaioa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.

Felisa Urzuriaga Ugarteburu (1928-01-01)

Felisa

Eibarko Gorosta auzoko Nebera baserrian jaio zen 1928an. Santakuruzko eskolan ibili zen. Gerra garaian "Itturruazpikua" (Iturraobekoa) baserrian pasa zituzten 6 hilabete.

Julia Valenciaga Lasuen (1928-01-01)

Julia"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Candida Eguren eta Victoria Baskaranekin batera.

Antonio María Yraolagoitia Orbea (1925-06-06)

Antonio María

1926ko ekainaren 6an jaio zen Eibarko Estazio Kalean. Gasteizen eta Bergaran egin zituen ikasketak; soldaduska amaitu zuenean Eibarrera itzuli zen eta produktu kimikoen biltegi bat zabaldu zuen. 1955ean "Peña Taurina"ko presidente izendatu zuten; bost urtez egon zen kargu horretan. 1958an, Eibarko udaleko zinegotzi sartu zen. 1973ko apirilaren 13an alkate izendatua izan zen; 1978ra arte izan zen Eibarko alkate. Antxon Yraolagoitiak kezka nagusi bi zituen karguaz jabetzean: herriak zuen ur falta eta irakaskuntza, bere hitzetan “funtsezkoa herri baten nortasunean”. Alkatetzan urte zailak bizitzea tokatu zitzaion baina herriarendako gauza on askoak egin zituen: horietako bat gaurko Kiroldegia dugu; herriko ur-hornidura sare osoa berriztatu zuen; Aixolako presa egiteko egin behar izan ziren gestio guztiak berak egin zituen... 1976ean "GRABADORE BOLA" saria jaso zuen, herritarren eta herriaren alde egin zuen lana eskertzearren herriko Elkarte guztiek eman ziotena.

Begoña Zaldibar Oianguren (1926-07-14 / 2016-07-16)

Begoña

Otxandion jaio arren, Bilbon bizi izan zen. Gerra Zibilean, Ingalaterrara La Habana barkuan ihes egin zuten umeetako bat izan zen. Southamptoneko kanpalekuan eta Madres Misioneras del Sagrado Corazón de Jesús eskolan egon zen. 1938an itzuli zen handik eta 1948an Eibarrera joan zen bizitzera, aita eta anaia Star fabrikan baitzebiltzan lanean.

Maite Zanguitu Arana (1945-04-15)

Maite

Bidebarrieta kaleko 56. zenbakian jaio zen eta hantxe bizi izan da beti. Aita, Zesareo Zangitu (osintxuarra) eta ama Maria Arana (1912) eibartarra. Maitek idazkari-ikasketak egin zituen Aldatze Ikastetxean eta 14 urterekin lanean hasi zen SIMES lantegian. Handik berehala SOLAC lantegira pasa zen eta bertan lan egin zuen urte askoan.

Danel Zenarrutzabeitia Badiola (1927-01-03)

Danel

Eibarren jaio zen 1927an eta hiru anaiaren artean gazteena izan zen bera. Gerratea zabaldu zenean, familia osoak Eibartik alde egin behar izan zuen Elgoibarko baserri batera lehenengo eta Ermura gero, senideen babesera kasu bietan. Gerrako hiru urteak, mutil koxkorra zela, Ermuan eman zituen eta ondo gogoan ditu ordukoak. Etxekoekin Eibarrera itzuli bazen ere, sasoi hartan egindako lagunekin harremana galdu ez duenez, Ermuko geroragoko gauza ugari ditu gogoan. Itziar Alberdi eibartarrarekin ezkondu eta lau seme-alaben aita da. El Casco tailerrean lanean zegoen bitartean, DEJ enpresa sortu zuen beste 4 lagunekin batera. Ordutik aurrera, beti ibili da Eibarri eta enpresa munduari lotuta. Politikagintza gustukoa izan du bizi guztian: bere gurasoen ildoari jarraituz EAJ-PNV eta Batzokiko kide izan zen gaztetatik, EAJ eta EAren arteko bereizketan EA-ren alde egin eta Eibarren alderdi horren lehendakari kargua izan zuen.

Luis Mari Zendoia Elorza (1924-07-22)

Luis Mari

Eibarren jaioa. Ama ere eibartarra zuen; aita, berriz, elgoibartarra. Hala ere, bi aldeetako aitona-amonak kanpotik etorriak ziren.

Timoteo Zubiate (1924-07-22)

Timoteo1931n, Primo de Riveraren diktadura garaian Eibarko alkate izan zen hilabete batzuetan. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an.

Juana Zugasti Bilbao (1923-11-23)

Juana

1923an jaiotakoa. 9 urterekin, Aldatzera joan zen ikastera. 1948an, 24 urterekin, moja sartu eta hasiera batean Frantziara joan zen, Kongregaziora. Bueltatu zenean, lehenengo Basauri eta gero Igorrera bidali zuten klaseak ematera. Eibarren 7 urte egin bazituen ere, azkenik Igorrera itzuli zen.

Ekhi Zugasti Uriguen (1985-07-11)

Ekhi

Eibartarra. Gurasoak ere bertakoak ditu. Bi anai-arrebatan gazteena. Ingeniaritza zibilean doktorea. Kezka Dantza Taldeko kidea da urte askoan. Eta, horretaz gain, dantza taldeko zenbait kideren artean sortu zuten eMePebo5t musika taldean saxofoia jotzen du.

Jose Zuloaga (1925-12-08)

Jose

Industria gizona. Gaztetatik hasi zen beharrean eta, aldi berean, Armeria eskolan ikasten. 1953an, Tomas Arteagarekin batera, Eibarko Carmen kalean (gaur egun, Barrena 34) industria-errodamenduen tailerra jarri zuten, “Rodamientos Industriales SA”; horretarako, Alemaniako patente bat hartu eta ordaindu egin zuten, INA marka, Schaeffler enpresa-multzoarena. 1968an Elgoibarrera joan ziren, eta han, autobidearen ondoan, tailer berria ipini zuten. Gerora, tailerra, alemanen eskuetan geratu zen, aurrenik Arteagak eta hurrenik Zuloagak, euren zatia alemanei salduta. Horrez gain, Eibarko Armeria Eskolaren urterik onenak eta haren garapena gertutik ezagutu eta bizi izan du.